XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); dena galtzeko beldur zen haur batek asmatua zuen, asmatu, berari sekulako atxekia geldi nenkion modua.

Sakrifizio haren bitartez babestu egingo ninduela pentsatu bazuen, ai ene, zeinen eskaski maitatua ez ote zuen ikusi bere burua, gerta lekidakeen gaitzik okerrena bera galtzea izango litzatekeela ez ohartzeko!

Atertu zitzaizkidan malkoak: niregana hurbiltzen ziren handikiek ez zuten haboro beren begirada nire aurpegitik apartatu beharrik, ordura arte, negar egiteari likits edo lizun bait leritzaten, egiten zuten bezala.

Berriro ekin nion ereduzko nekazal etxaldeak eta garastapen-ubideak bisitatzeari; bete egin behar ziren orduak, nola edo hala.

Nire hondamendia zela eta ez zela, hamaika mila zurrumurru ergel hasia zen bazterretan barreiatzen; nirearen segizioko beste ontzietan beretan ere, kondaira itzel pilo bat zebilen ahoz aho, nire lotsagarri; utzi nien nahi zutena esaten, nire egia ez bait zen oihuka aldarrika daitezkeen horietakoa.

Gezurrik maltzurrenak nolabait zehatzak ere baziren; mutila sakrifikatu egin nuelakoa salatzen zitzaidan, eta, neurri batean, halaxe egina nuen.

Hermogenesen bidez, kanpotiko durundi guztien berri leialki eman ohi bait zidan beronek, enperatrizaren zenbait mezu ere iritsi ziren niregana; aski urguria zen haren mintzaira, kinka hartarako nahiko egokia; ia beti horrelakoxea erabiltzen dugu denok ere heriotzaren aurrean.

Urrikalpen hura, ordea, oker-ulertze batean zegoen oinarriturik: dolumin-adierazpenak egiten zitzaizkidan, baina beti ere ahalik-eta azkarren kontsola nendin amoreagatik.

Nik neuk ere, gutxi gorabehera, bareturik nengoela uste nuen; hori pentsatu eta beste gabe, ia gorritu egiten nintzen lotsaren lotsaz.

Ez nekien, eiki, oinazeak badituela hamaika laberinto arraro, beraietan barrena oraindik luzaroan ibiltzera behartuko nindutenak.

Ni lekoratzeko ahaleginak egiten zituen jendeak.